Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE GIPUZKOA

PSE-EE GIPUZKOA

 
 

BERRIAK

2015 IRA 18

DENIS ITXASO: “BALIOETAN OINARRITUTAKO KULTURA SUSTATUKO DUGU, ALDAKETA SOZIALERAKO ETA AURRERAPENERAKO PALANKA IZANGO DENA”

• Kultura lehentasun politikoa da Gobernu honentzat, kulturak aukera emango baitigu elkarbizitza demokratikoan, ongizatean, irudian eta kanporanzko proiekzioan aurrera egiteko. Kulturaren instrumentalizazio politikoarekin amaitu nahi dugu. • Konplexurik gabe, tokiko talentua sustatu eta bikaintasuna babesteko bideak ireki behar ditugu. Horretarako, egungo diru laguntza sistemaren berrikuspen sakona egingo dugu. • Tresna fiskal propioak garatuko ditugu, sektore pribatua inplikatzeko, bai kultur eta kirol jardueren finantzazioan, bai eta ikus-entzunezko edukien sorkuntzan ere.

Lehen diputatu nagusiorde eta Kultura, Turismo, Gazteria, Kirol eta Lankidetza Departamentuko diputatu Denis Itxaso Batzar Nagusietan egon da gaur, eta bertan xehe-xehe azaldu ditu datozen lau urteetarako egingo duen politikaren ildo nagusiak. 

Itxasok esan du kultura ez dela eranskin soil bat, geroratu ezin diren bestelako beharrak estali ostean lantzen dugun arlo bat. “Kultura da –azaldu du- hobeak izateko, aurrera egiteko eta gizarte justuago bat eraikitzeko bide ematen diguna. Balioetan, gaitasunetan eta guztien duintasunean oinarritutako gizartea. Eta kulturak posible egiten du aldaketa hori; gizon-emakumeei hobeak izateko eta gizarte hobea eraikitzeko aukera ematen dien aldaketa”. 

Itxasorentzat, kultura tresna bat da, desberdinen arteko elkarbizitzarako, eta bazterkeriaren, kanporatzearen edo desberdina erasotzearen kontrako tresna.  “Identitate eta tradizio desberdinak balioesten dituen kultura behar dugu,  gure askatasunetik, horietara  gerturatzen eta haietan parte hartzen irakatsiko diguna”, azpimarratu du. “Horregatik, eta askatasuna delako sorkuntza kulturalerako ekosistema egokiena, kulturaren instrumentalizazio politikoarekin amaitu nahi dugu, eta, beraz, diru laguntza politikaren berrikuspen sakonari helduko diogu baita ere”. 

Horregatik, bere iritziz, kultura da neurri handi batean gizarte bat egituratzen duen balio sistema. “Balio horiek kudeatzea eta lantzea funtsezkoa da, Departamentu honek agintaldi honetan sustatu nahi duen aldaketa sozialerako palanka baita, aberastasuna eta talentua sortu eta Gipuzkoak aurrera egitea lortzeko oinarri sendoa. Izan ere, ezin dugu ahaztu elkarbizitza, berdintasuna eta elkartasuna bezalako balioak transmititzeaz gain, kultura aberastasun ekonomikoaren eta enpleguaren iturri ere badela", nabarmendu du. “Horregatik, Kultura lehentasun politikoa da foru gobernu honentzat". 

Departamentuak, horretarako, bost arlo landuko ditu: kultura, herritarrengana gerturatuz eta kultur industriak sustatuz, aberastasun eta enplegu iturri gisa; turismoa, hazkunde eredu jasangarri eta orekatu bat sustatuz Gipuzkoa osoan; kirola, kohesiorako eta berdintasunerako tresna gisa; gazteria, gazteen presentzia soziala indartzeko eta aukerak areagotzeko; eta lankidetza, pertsonen arteko elkarbizitza solidariorako bide gisa.

 

Ekintza zehatzak 

Departamentuak kulturaren arloan landu nahi dituen ekintzen artean daude, besteak beste, Kultur Kontseilua sortzea, politika kulturalak gizartearekin lotzeko, eta sortzaile eta kudeatzaile kulturalekiko harremanak sendotzeko; gainerako erakundeekin eta eragile kulturalekin lankidetzan jardutea, Donostia 2016, ChillidaLeku eta ALbaola bezalako proiektuak garatzeko; BEZaren gehikuntza konpentsatzea Kultura Bonoaren bidez eta zinema, konferentzia eta arte presentzialen zikloak antolatuz; Koldo Mitxelena liburutegi integral bilakatzea; goi mailako prestakuntzari lotutako edukiak sustatzea Tabakaleran;...   

Baina, bereziki, talentua eta bikaintasuna bultzatzeko bideak ireki nahi dira; izan ere, kultura balioetan oinarritzen da, baina, batez ere, pertsonen talentuarekin dago lotuta.  “Gipuzkoa sustatu dezakeen talentu berri horren aldeko apustua egin behar da, eta garbi esan behar da talentu hori bereziki gazteengan dagoela. Gipuzkoak ezin du talentu hori albo batera utzi; gure gazteek ezin dute itxaron ia gazteak izateari utzi arte... Konplexurik gabe, tokiko talentua sustatu eta bikaintasuna babesteko bideak ireki behar ditugu Ezin dugu etsi. Ezin dugu egonean egon, ikusiz nola onenek alde egiten duten, beren ekarpenak aukera gehiago dituzten eta aitorpena lortzen duten lekuetan egitera", esan du. 

Turismoari dagokionez, Itxasok gogorarazi du bigarren sektorea dela, Gipuzkoaren BPGri ekarpen handiena egiten dioten sektoreen artean. Hala ere, esan du lanean jarraitu behar dela, aberastasun horrek lanpostu duinak eta kualifikatuak sor ditzan. Kultur balioak eta ondare natural eta artistikoa zainduko dituen turismoaren aldeko apustua egiten du; lurralde osora zabalduko dena, modu orekatuan; eta jasangarritasun irizpideak kontuan hartuko dituena, masifikaziotik ihes eginez. 

Horretarako, Turismo Mahaia sortuko du, eragile publiko eta pribatuekin, ekimenak garatzeko; Gipuzkoa xede gisa planifikatu eta definitzen jarraituko da, lurraldean banaketa orekatuagoa lortzeko; lurraldeko turismo bulego berri bat irekiko da Donostian; Donostia marka aprobetxatuko da, nazioarteko turismoa erakartzeko; kostaldeari lotutako baliabide berriak bilatuk dira; turismoa erakartzeko gaitasuna duten kirol eta kultur ekitaldiak babestuko dira;...

 Kirolaren arloan, foru diputatuak sustatu nahi du herritarrek kirol jardueretan parte hartzea; gizarte zibilarekiko loturak indartzea; Kirolgi biziberritzea; oinarriko klubak laguntzea; eta sektore pribatuarekin lankidetza bultzatzea.

 

Bultzada mezenasgoari 

Helburu horiek guztiak gauzatzeko, Itxasok iragarri du finantzazio esparru berri bat sortu nahi duela kulturarako eta kirolerako: tresna fiskal propioak garatu nahi ditu, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza hobetzeko, eta sektore pribatua kultur eta kirol jardueren finantzazioan inplikatzeko, mezenasgoa, mikromezenasgoa edo babesa bezalako figurak baliatuz. Horrela, bestalde, ikus-entzunezko edukien sorkuntza ere sustatu nahi da, batez ere euskaraz. 

Denis Itxasok jarri duen beste helburuetako bat da bermatzea Gipuzkoako gazteen presentzia esparru sozial eta kultural guztietan, garapen pertsonal eta kolektiborako aukerak indartzeko. Hori lortzeko, egun ematen diren zerbitzuak optimizatu nahi ditu; enplegurako, autonomia pertsonalerako eta aisialdi espazioetarako ekintzak lehenetsiko ditu; kultur hedapeneko programetan talentu berriak txertatzea bilatuko du; eta bikaintasuna babesteko programa jarriko du abian. 

Azkenik, lankidetzaren arloan, pertsona ororen eskubideak babesteko erantzun solidarioak eskainiko dituzten politikak artikulatuko dira: errefuxiatuen arreta, jatorrian eskubideak urratzen dizkieten kolektiboekiko kooperazio programak edo kooperazio estrategiaren definizioa, aurrekontuaren % 0,7 lankidetza proiektuetara bideratzeko helburuarekin.

PSE-EE GIPUZKOA PSE-EE