Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE GIPUZKOA

PSE-EE GIPUZKOA

 
 

BERRIAK

2015 ABE 03

JOSé IGNACIO ASENSIO KOMUNITATEKO ARDURADUNEKIN BILDU DA BRUSELAN, EUROPAKO ERAKUNDEEK GIPUZKOAREKIKO KONFIANTZA BERRESKURATU DEZATEN

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak hainbat bilera izan ditu gaur Bruselan ingurumenaren alorreko Komunitate arduradunekin, hartara azaltzeko zein den Gipuzkoaren egoera berria hondakinen kudeaketan eta, batez ere, Europako erakundeek gure lurraldearekiko konfiantza berreskuratu dezaten, oso kaltetua baitago Bildun Aldundiaren gobernuan eman dituen lau urteen ondoren.

Asensio, Bruselan, Julio García Burgués Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Nazioarteko Gaien, Merkataritzaren eta Ingurumenaren unitateburuarekin bildu da, eta Gipuzkoan maiatzeko foru hauteskundeek ekarri duten aldaketa politikoaren berri eman dio. Orobat jakinarazi dio Aldundiko arduradun berriek konpromisoa dutela hondakinen arazoari erantzun integral bat emateko, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak (GHHKPO) jasotzen dituen azpiegiturak eraikita. Halaber, Europar Batasunak gaiaren inguruan abiaraziko dituen politika berriei buruz hitz egin du, Aldundiak egingo duen kudeaketan sartzeko. Hainbat lankidetza eremu ere aztertu dituzte, eta balioetsi dute Zuzendaritza Nagusiak urtero programatzen dituen jardueretan parte hartzeko aukera, garbiketaren eguna edo hondakinen prebentziorako astea, esate baterako. 

Asensio Philippe Micheaux ACR+n Ekonomia Zirkularraren Baliabide eta Materiala  Erabiltzeko Proiektuaren zuzendariarekin ere bildu da. ACR+ hiri eta eskualde elkarte bat da, birziklatzearen eta kontsumo iraunkorraren alde dagoena eta ia 100 erakundek osatzen dutena, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Helburua du baliabideen kontsumo adimentsua eta hondakinen kudeaketa iraunkorra sustatzea, eta horretarako jatorrizko murrizketa, berrerabiltzea eta birziklatzea proposatzen ditu. 

Bilera horretan, euskal ordezkaritzak aukera izan du Europan ekonomia zirkular bat abiaraziko diren ekintzen berri izateko. Haren bidez ondasunak eta zerbitzuak ekoitzi nahi dira ahalik eta baliabide gutxien erabilita, eta ura, energia eta antzeko lehengaiak xahutzea saihestuta.

Bidaia amaitu aurretik, Ingurumeneko diputatua eskualde politikako alorreko goi funtzionarioa den Mikel Landabasoren taldearekin bilduko da, eta harekin batera Ingurumeneko Departamentuaren proiektuak inbertsio estrategikoen Juncker Planaren bidez finantzatzeko aukerak aztertuko ditu, hartara krisiaren ondorioz izan den inbertsioen beherakadari aurre egiteko.    

 

PSE-EE GIPUZKOA PSE-EE