Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE GIPUZKOA

PSE-EE GIPUZKOA

 
 

BERRIAK

2015 IRA 17

JOSE IGNACIO ASENSIO: “ERRAUSTEGIA MARTXAN EGONGO DA LEGEALDI HONEN BUKAERARAKO ETA HORRELA EGUN DAUZKAGUN ARAZOEI AURRE EGIN AHAL IZANGO DIEGU”

“Erraustegiaren eraikuntza gelditzeak 45 milioitik gorako galera suposatu du orain arte gipuzkoarrentzat” “Hondakinen errefusaren prebentzio, bereizketa, birziklatze eta tratamendurako baliagarriak diren azpiegiturak bultzatuko ditugu”

José Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, esan du gaur erraustegia martxan egongo dela legealdi honen bukaerarako. Asensiok gaineratu du egungo egoera larria dela, “azpiegiturik gabe geratu gara eta joan den legealdian ez zuten alternatibarik eraiki”. Orain arte gipuzkoarrentzat errausketaren eraikuntza gelditzeak 45 milioitik gorako galera suposatu duela ere azpimarratu du.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, Batzar Nagusietako batzordean eginiko agerraldian, datozen lau urteetarako bere departamentuko lerro orokorrak azaldu ditu; horrela, lehen helburutzat jo du erabateko erantzuna ematea hiri hondakinen kudeaketari, oinarri hartuta  Europako Parlamentuaren 2015eko uztailaren 9ko ebazpena, baliabideen erabilera eraginkorrari edo ekonomia zirkularrari buruzkoa.

“Joan den  maiatzeko hauteskundeetan, Gipuzkoako herritarrek argi azaldu zuten hondakinak kudeatzeko ebazpenaren alde zeudela, eta guk bete egingo dugu botoak eta gobernatzeko erantzukizuna jaso genituenean hartu genuen konpromisoa" esan du diputatuak.

Bere iritziz, hondakinen kudeaketak erabateko ekintza eskatzen du; izan ere, ekintza hori hondakinak sortu aurretik hasten da eta ez da birziklatze prozesuarekin amaitzen, baizik eta lortutako produktua aprobetxatzeko gai garen unean. Horregatik, Ingurumeneko Departamentuak Europako direktibetan ezarritako hondakinen hierarkia  beteko du, hau da, prebentzioa, berrerabilera, birziklatzea eta balorazio energetikoa.

Foru arduradunek aurreikusten dutenez, 2030. urtean hiriko hondakin solidoen tasa % 70ekoa izango da eta ontzien birziklatze tasak ez du % 80a gaindituko, bitarteko helburuak izanik % 60a 2020. urterako  eta % 70a 2025. urterako; beraz, kalitate handiko bigarren mailako lehengai birziklatuen benetako merkatua sustatu nahi da, zabor birziklatu ezinak eta biodegradagarriak ez direnak soilik bideratuz erraustegietara 2020. urtean; eta, azkenik, derrigorrez eta progresiboki murriztu nahi da hondakinen isurketa, hiru etapetan eginez (2020, 2025 eta 2030), zabortegietara botatzeko erabateko debekua ezarri arte. Helburua da “zero zabortegi”.

 Gipuzkoarrak oso kontzientziatuta gaude hondakinak jatorrian bereizteko beharrarekin eta  gaikako bilketarekin, eta erakundeek bultzatu egin behar dituzte hondakinen errefusaren prebentzio, bereizketa, birziklatze eta tratamendurako baliagarri diren azpiegiturak,  zabortegietan gaur egun lagatzen denari beste irtenbide bat emateko”, esan du Asensiok.

Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, gaurko egoera  oso larria da. Azken lau urteetan Urteta eta Sasietako zabortegiak itxi dira; zabortegi bakar bat dago martxan (Lapatx), eta hori laster beteko da; kontratua bertan behera utzi da milioi askoko kalte-ordainarekin; Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren finantzaketari lotutako estaldura-kontratuek lurraldea zigortzen dute; mota guztietako auziak daude epaitegietan; oraingoz galdu egin da inbertsioen Europako bankuaren finantzaketa; hondakinak hartzeko eta tratatzeko gai diren azpiegiturak falta dira; ez dago aukerarik beste hondakin baliagarri batzuk eskuratzeko, konposta kenduta; ez da merkatu berririk sortu birziklatutako produktuetarako...

 “Herritarrek ahalegin handia egiten dute hondakinen gaikako bilketa egiteko, baina ez dago azpiegiturarik hondakinak kudeatzeko eta balioa emateko; gainera, ez dago benetako irteerarik eta emandako konponbide bakarra zabortegietan lagatzea da, justu baztertu beharrekoa” esan du Asensiok.

45 milioiko galera

Galdera bati erantzunez Asensiok esan du erraustegiaren eraikuntza gelditzeak 45 milioitik gorako galera suposatu duela orain arte gipuzkoarrentzat.

Egungo egoera larria konpontzeko, bukatzear dagoen aurreikuspenaren emaitzak erabiliko dira.

“Aurreikuspenak benetako zenbatekoak eta hondakinen fluxuak adieraziko ditu, eta zehaztuko ditu aurreikusitako Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Zentroaren garrantzi operatiboa eta funtzionala, konpostatze planta berrien beharrak edo hasieran Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean aurreikusitakoen berrazterketa, eta baita ere balio handiko material birziklatuak sustatzeko azpiegituren eta baliagarriak ez diren azken zatikien kudeaketa edo balorazio energetikoaren arteko sinergia” azaldu du foru diputatuak.

Datu horietatik abiatuta, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren aurrerapen dokumentua eta Gipuzkoako Hiri Hondakinen Azpiegituren Lurralde Arloko Plana eguneratuko dira. Halaber, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra kudeatzeko ardura duen sozietatearen organoak (GHK) berritu ondoren, sozietatearen kontu-ikuskapena enkargatu da, kudeaketa ereduaren faltak orain arte eragin dituen kostu ekonomikoa eta ingurumen kostua zehaztasunez ezagutzeko.

Bestalde, departamentuak ahaleginak egingo ditu ondoko lurraldeetako erakundeekin harremanetan jartzeko, azpiegitura berriak garatzen diren bitartean aldi baterako konponbideak aurkitze aldera.

Birziklatzearen klusterra

Asensiok esan du Europak nahi duen iraunkortasuna bakarrik lortuko dela lurralde bakoitzak helburu hori bera ezartzen badu eta, ildo horretan, Gipuzkoa lurralde eredugarri izatea eta jasangarritasuna Gipuzkoako nortasun marka berria izatea nahi duela adierazi du.

Bere iritziz, akordio publikoak eta pribatuak lortzeko baldintzak ditugu. Beraz, departamentuaren helburuetako bat birziklatzearen aldeko Gipuzkoako Klusterra sortzea da, eta kluster horren partaide izango lirateke Administrazioa, industria, unibertsitatea eta zentro teknologikoak, betiere ingurumenaren gaia etorkizuneko politika ekonomikoen ardatz nagusi bihurtzeko helburuarekin.

“Ekonomia berde bat lortzea obligazio etiko eta solidario bat da gure planetaren etorkizuneko biztanleekin, baina, halaber,  etorkizunerako, hazkunderako eta enplegurako aukera ekonomiko bat da. Industria askok urrats handiak eman dituzte azken urteetan, baina aurrera egin behar dugu eta praktika berriak, sinergiak eta kooperazioa bilatu”, esan du.

Klusterraren zereginak izango dira, aldi berean, talentua sustatzea, hondakinei balioa emateko teknologia berrien garapena bultzatzea, balio erantsi handiagoa duten produktu birziklatuen lerro berriak ikertzea (I+D+i), eta ingurumen alorreko enpresen Erantzukizun Sozial Korporatiboa sustatzea.

Lurraldearen jasangarritasuna

Departamentuak lehentasuna ematen dio Hondartzak Kudeatzeko Pan Integrala egiteari, kalitatearen eta ingurumenaren kudeaketari lotutako ISO ziurtagiriak lortu ahal izateko.

Udalen Tokiko Agenda 21eko ekintzak eguneratzeko ahaleginak egingo dira eta baita ere planteamendu berrietara eta Parisen azaroan egingo den Klimari buruzko Konferentziatik aterako diren planteamenduetara egokitzeko. 

Asensiok iragarri du bere departamentuak energia jasangarriko estrategia bat diseinatuko duela energia aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko, eta estrategia horren barruan sartuko direla, besteak beste, elementu hauek: hezkuntza, etxeetako eraginkortasun energetikoa, energia berdearen kontratazioa, eta ekoeraginkortasuna.

Halaber, jasangarritasunera bideratutako hezkuntza-mahai bat sortzeko ahaleginak egingo dira, esparru guztietan garatu beharreko ekintzak diseinatzeko.

Beste helburu hauek ere aipatu ditu: ingurumen eraginaren ebaluazio sistemen alorrean aurrera egitea, batez ere, zarata, ke eta paisaiari lotutako gaietan, eta ingurumenari buruzko on line zerbitzuak sortzea, herritarrei eta enpresa txikiei zuzendutakoak.

Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza

Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzaren lehen helburua hondakin-uren saneamendua osatzea da, herrigune guztiak (herri txikiak eta auzo isolatuak) sistema orokorretan sartzeko, bereziki, eta sarea hobetzea hondakin urak eta euri urak banatzeari dagokionez. 

Gainera, hobeto ezagutu nahi dira ibaiak eta ur sistemak, lehorte edo eurite egoera larrietarako protokoloak ezartzeko; ur-ekosistemen berreskuratze morfologikoa lortu nahi da, presak eta instalazio zaharkituak kenduta eta ur ertzeko landareak eta ibaien egoera naturala berreskuratuta; eta, azkenik, aurrera egin behar da uraren kontsumo arduratsuaren inguruan.  

Bukatzeko, Asensiok hau esan du: “azken finean, berehalakotasuna eskatzen duten konponbideak eman behar ditugu, ingurumen eta ekonomiaren aldetik jasangarria den lurraldea eraikitzeko oinarriak ezarri behar ditugu, ekonomia zirkularraren erronkak gainditu behar ditugu, finantza publikoen oreka bilatu behar dugu, eta gure lurraldea solidaritatearen eta erantzukizunaren eredu bihurtu behar dugu, bai etorkizuneko belaunaldiei begira, bai gure inguruko eta urrutiko lurraldeei begira".

DOCUMENTACIÓN

PSE-EE GIPUZKOA PSE-EE