Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE GIPUZKOA

PSE-EE GIPUZKOA

 
 

BERRIAK

2016 AZA 08

ALDUNDIAK KOOPERAZIOARAKO INOIZ IZAN EZ DUEN AURREKONTUA IZANGO DU 4,06 MILIOI EUROREKIN

Itxasok azpimarratu du Kultura Departamentuak kontsolidatu egiten duela DSS2016ri egiten zaion ekarpena, 5 milioikoa, besteak beste DSS2016ren legatua kudeatzeko. Turismo Zuzendaritza da gehien hazten den zuzendaritzetako bat, turismo desestazionalizatu eta orekatua bilatzen duten jarduketekin, turismo jasangarriaren urtean.

Lehen diputatu nagusiorde den Denis Itxasok Departamentuaren aurrekontuak aurkeztu ditu Batzar Nagusietan.

Departamentuaren aurrekontua % 0,08 hazi da; hots, 53.778 milioiko aurrekontua izatetik 53.823 milioikoa izatera igaro da (bi kontusailak IZFEri dagokiona kontuan hartu gabe). Kulturaren arloan ezohiko urtea izan da hau, DSS2016 kultur hiriburutzak eta Tabakalera abian jartzeak nabarmen handitu baitute aurten kulturara bideratutako aurrekontu arrunta. Beraz, hurrengo ekitaldiari begira hazten jarraitzeak benetako bultzada suposatzen du Denis Itxasoren ardurapeko departamentuak kulturaren alde egiten duen apustuarentzat.

Bestalde, lehen diputatu nagusiordeak azpimarratu du Kirol Zuzendaritzaren aurrekontua % 4,67 hazi dela, eta Gazteriakoa, berriz, % 4,45 (biak ere batez bestekoaren gainetik, aurrekontu osoa % 3,16 hazi baita). Baina bereziki nabarmenak dira Turismoa eta Lankidetza, % 52,51eko eta %12,29ko hazkundeekin hurrenez hurren. Turismoaren kasuan, turismo jasangarriaren urtea izango da hurrengoa. Lankidetzaren kasuan, berriz, aurrekontu hornidura hori GFAren historian arlo horrek inoiz izan duen handiena da, % 0,7ko helbururantz urrats bat gehiago emanez.

Itxasok banan bana azaldu ditu arlo gehien biltzen dituen Departamentu honen aurrekontu programak.

 

Kultura   

Diputatuen Kontseiluak urriaren 31n onartu zuen aurrekontu proiektuak 2017. urterako 20,8 M euroko hornidura ekonomikoa aurreikusten du kulturarako. 2016ko aurrekontua 2 M eurotan besterik ez da jaitsi, eta murrizketa hori Tabakalerako obra amaitu izanak eragiten du, aurten bukatu baita lanak ordaintzeaz.

Hala ere, azaldu bezala, Kultura Departamentuak kontsolidatu egin du aurtengo aurrekontuan Donostiako kultur hiriburutzarekin lotutako jardueretarako jaso zituen aparteko 5 milioi euroak. Hau da Kultura Zuzendaritzaren lau programa nagusien xehakapen konparatua:

 

Programa:

2016ko aurrekontua

2017ko aurrekontua

Aldea

Liburutegi zerbitzua, kulturaren sustapena eta hedapena.

5.719.476 €

8.066.010 €

41,03%

Proiektu estrategikoak

12.713.414 €

5.410.889 €

-57,5%

Gordailua eta museoak

2.734.150 €

3.602.040 €

31,74%

Ondare historiko-artistikoa eta artxiboak

1.678.090 €

3.743.200 €

123%

Guztira

22.845.130 €

20.822.139 €

 

 

2016ko aurrekontuan “kultur proiektu estrategikoen” programak zuen baliabide poltsa handiena, barruan biltzen baitzituen DSS2016rako 5 M euroko ekarpena eta Tabakalerako 3,1 M euroko inbertsioa. Oro har, horiek dira programa horretatik desagertu diren bi partida nagusiak, eta horrek eragiten du programa horren aurrekontua 7,3 M euro inguru murriztea.

Aldundiak, hala ere, hiriburutzaren urtea amaitzean liberatzen diren kreditu horien zatirik handiena beste programen artean berrinbertitu du, taulan ikusi daitekeen bezala. “Gordailua eta museoak" programa sortu berria da, eta Kultura Departamentuak bultzada eman nahi dio Kultur Ondare Higigarriaren Gordailua Zentroari, “biltegi soil bat baino gehiago izateko, eta erakusketa proiektuak ikertzeko eta sortzeko zentro gisa sustatzeko”. Programa honek % 31,74ko hazkundea izan du. Baliabide horiekin, Aldundiak enpresa bat kontratatu nahi du Gordailua dinamizatzeko; bildumak ordenatu eta erakusteko biltegi digital bat sortu nahi du; eta Gipuzkoako museoei zuzendutako laguntzak areagotu nahi ditu.

 

"Liburutegi zerbitzuaren eta kultur sustapen eta hedapenaren programa”, berriz, % 41,03 handitu da; 5,7 M eurotik 8 M eurora igaro da.  Gehikuntza hori izan duten partida nagusiak dira: Lurraldeko kultur kolektibo eta plataformei zuzentzen zaizkien laguntza lerroak, eta Koldo Mitxelena liburutegia eta Alderdi Ederreko udal liburutegia bateratzeko prozesua garatzeko lanak. Gainera, Elgoibar, Irun, Ormaiztegi, Pasaia, Azpeitia eta Zumarragako kultur guneetan inbertsioak egingo dira.

Proiektu estrategikoen programari dagokionez, Departamentuaren apustu nagusia izango da, datorren urteari begira, Zine Eskola berria abian jartzea. Tabakalerarekin hitzartu da, eta horretarako inbertsio partidak eta gastu korronteko partidak behar dira, 2017ko irailean martxan jarri ahal izateko.

Era berean, behin betiko bultzada eman nahi zaie arte eszenikoei, Lekuonako Arte Eszena proiektuaren bidez. Errenterian kokatuko den Arte Eszenikoen Zentro hau erreferentzia izango da Gipuzkoa osorako.

Ondare historiko eta artistikoaren kontserbaziorako diru zuzkidura bikoiztu egiten da, hainbat ekarpen handitu egingo baitira: Eresbil, Aranzadi, zaharberritze dokumentaleko programa berriak, funtsen erosketa, digitalizazioa eta katalogazioa, ondarea zaharberritzeko laguntzak, arkeologia jarduerak,... Izan ere, kapitulu horiek guztiek murrizketa gogorrak jasan dituzte krisi ekonomikoaren ondorioz.

Ondarearen arloko jarduketa nagusia, anbizio handiena duena, Albaola elkartearen inguruan itsasoarekin lotutako euskal ondarea bilduko duen fundazio bat sustatzearena da.

Benetan gure asmoa baldin bada hiriburutza ez mugatzea urtebeteko garraldira, jauzi kualitatibo bat eman behar dugu, kulturara eta arteetara bideratzen diren baliabide publikoei dagokienez. Hori ezinbestekoa da aurten hasitako aldaketek jarraipena izan dezaten. Gehiago eta hobeto elikatu behar dugu sare kulturala, krisialdian galdutako giharra berreskuratu behar dugu, eta ekintzekin erakutsi kultura lehentasun politikoa dela foru gobernu honentzat.

Hori horrela, Kultura Departamentuak bi norabidetan lan egiten du baliabide berri horietatik ahalik eta probetxu handiena ateratzeko: Batetik, Europako kultur hiriburutzak uzten duen legatuaren zati bat geureganatzea aurreikusten dugu. Orain arte, argi eta garbi identifikatu ditugu DSS2016k uzten dituen eta hemendik estaliko ditugun hainbat esparru, hala nola Labore (egonaldi programa Gipuzkoako museoetan), Ikusmira Berriak, Komikilabea jaialdia, Olatuak diru laguntzak (Ardora), edota zine ikasleen nazioarteko topaketak.

Bestetik, legealdi hasieratik lantzen hasi garen funtsezko hiru lerro hauetara begira jarriko ditugu aurrekontuak:

-           Eztabaida, pentsamendu kritikoa eta hausnarketa (adibidez: Europa kanala, pentsamenduaren ikasgelak, zineforum zirkuituak lurraldeko udalerrietan,...)

-           Tokiko talentuak bultzatzea (adibidez: Kultur Dealers, Opus Lirica, Katapulta, gazte talentudunei zuzendutako bekak,...)

-           Kulturaren finantzazioa (adibidez: mezenasgoaren zerga arau berriak, META proiektua, diru laguntza lerroen hazkundea,...)

 

Turismoa eta lurralde irudia

Aurrekontu proiektuan 2.4 M euroko hornidura ekonomikoa aurreikusten da turismorako eta lurralde irudirako; horrek % 52,51ko hazkundea suposatzen du 2017ko ekitaldirako.

Turismoan emango den igoera horrek bilatzen du egokitzea foru erakunde honen aurrekontuak errealitate ekonomiko jakin batetara, hau da, turismoarenera. Izan ere, geroz eta garrantzitsuagoa da Gipuzkoako ekonomian (BPGren % 7,2) eta enpleguan, eta fenomeno turistikoaren jasangarritasunaren alde egin nahi da, turismo masifikatuko ereduak saihestuz, eta praktika suntsitzaileak eragotziz, oinarritzat hartuta lurralde kohesioa, fluxu turistikoen banaketa, gizarte kohesioa eta turismoaren desestazionalizazioa.

Zentzu horretan, berrikuntza hauek azpimarratu behar dira:

-       Mankomunitateetara, eskualde agentzietara eta Donostia Turismo sozietatera bideratutako dirua % 20 gehituko da.

-       Negozioetako eta kongresuetako turismoa sustatzea xede duten lan lerroak zabalduko dira (150.000 euro), sektore turistikoa desestazionalizatzeko eta profesionalizatzeko.

-       Lehen sektorea sustatuko da, turismoa integratzen duen balio kateko osagai gisa, sagardoaren sektorea sustatzeko kanpaina espezifiko baten bidez (200.000).

-       Turismoaren bidez lan munduan txertatzeko ekintzak garatuko dira.

-       Lurraldearen karga ahalmenari eta inpaktuari, tasa turistikoari eta behatoki turistikoari buruzko azterketa zorrotz eta sakona egingo da.

-       Gipuzkoako bulego turistikoa mantenduko da Donostian.

-       Balenciaga Museoaren bidez diseinuan eta modan eragina izango duen proiektu kultural bat garatuko da, turismoan inpaktu garrantzitsua duten sektore ekonomikoak baitira.    

Hori guztia turismoan inplikatutako sektoreen parte-hartzearekin egingo da, Gipuzkoako Turismo Mahaiaren bidez, izan duen arrakasta ikusita bultzada berri bat emango baitzaio.

 

Gazteria eta Kirolak

Gazteriak 3,5 M euroko aurrekontua du guztira, eta % 4,45eko hazkundea izan du. Aurrekontuaren zatirik handiena udalekin lankidetzan garatzen diren programek osatzen dute (550.000). Aurrekontuaren berrikuntza nagusia da gazte talentudunei eman nahi diegun bultzada (22.000). Bestalde, Departamentuak "izango zara" programaren barruan emango dituen beka guztiak koordinatuko ditu Gazteria Zuzendaritzak.

Kiroletan 12,79 M euroko aurrekontua izango dugu, 2016an baino % 4,67 gehiago. Kiroletako Zuzendaritzan aurreikusten diren askotariko jarduketa eta neurrien artean nabarmentzekoak dira errendimenduko kirolari gazteei laguntzeko programak, kirola egiten jarrai dezaten, eta Kirolgiri eman nahi zaion bultzada, emakumezkoen kirolari eta emakumeen lehen mailako taldeei (adibidez: Bera Bera) egiten zaizkion ekarpenak areagotzeko.  

Gainera, hurrengo ekitaldian kirol ekipamenduak berritzeko planak jarriko dira martxan. Plan horien jarduketa ardatza izango da lehendik dauden kirol ekipamenduak berritu, ordeztu eta hobetzea.

 

Lankidetza

2017an 4,06 M euro bideratuko dira lankidetzara. GFAren historian inoiz izan duen aurrekontu handiena izango du aurten lankidetzak. Aurrerapauso garrantzitsua da % 0,7ko helburua betetzera begira.

Garapenerako Lankidetza Funtsari zuzendutako kontu-sailak handitzeaz gain (2,2 M), eta horrekin Gipuzkoako GKEetara bideratutako funtsak areagotzeaz gain, NBEren estrategia berria jarriko du martxan Aldundiak. Horren arabera, gizarte eragile guztiak inplikatu behar dute hazkunde dinamika batean, mundu jasangarriagoa, bidezkoagoa eta desberdintasun gutxiago dituena posible egingo duten jarduketa dinamika batean. Ildo horretan, Gipuzkoan hainbat jarduketa arlo eta sektoretan nabarmentzen diren eragileen konplizitatea bilatu nahi da (kirolean, zentro teknologiko eta zientifikoetan, kulturan, gastronomian...), garapen politiketan inplikatuko dituen proiektu bateratuak gauzatzeko.  

  

PSE-EE GIPUZKOA PSE-EE