Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE LEGAZPI

PSE-EE LEGAZPI

 
 

BERRIAK

2016 MAI 25      BILDUKO UDAL TALDEAREKIN ADOSTUTAKO TESTUA

UDALBATZAK PSE-EE (PSOE)K AURKEZTUTAKO MOZIOA ONARTZEN DU, ETXEBIZITZA DUIN ETA EGOKIA LEGEZ OKUPATZEKO AUKERA IZATEKO

UDALEKO TALDE SOZIALISTAK AURKEZTUTAKO MOZIOA, etxebizitza duin eta egokia legez okupatzeko aukera izateko eskubide subjektiboari eta etxebizitzarako prestazio ekonomiko berriari buruzko arauzko garapenari lotuta.

Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean, etxebizitza duin eta egokia legez okupatzeko aukera izateko eskubide subjektiboa aitortzen da (7., 8. eta 9. art.), eta eskubide hau betetzea Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza arloko sail eskudunaren aurrean erreklamatu ahal izango dela, eta administrazio honen ebazpenen aurkako administrazioarekiko auzi jurisdikzioaren aurrean errekurtsoa aurkez daitekeela finkatzen da (6. art.).

Halaber, Legean honakoa adierazten da: etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidea betetzeko, euskal administrazio publiko eskudunek alokairuan eskura jarriko dituzte etxebizitza babestuak, edo bizitoki babestuak lagako dituzte, edo baita etxebizitza libre bat ere baldin eta erabilgarri badago bitartekaritza-programaren baten edo antzekoen bitartez, eta kasu bakoitzean dagokion errentarekin edo kanonarekin. Eta etxebizitzarik edo bizilekurik ezin bada eskaini, prestazio ekonomikoko sistema bat ezarriz erantzun ahal izango zaio eskaera horri.

Legearen Laugarren xedapen iragankorrean, etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko eskubide subjektiboa finkatzeko eta pixkanaka aplikatzeko behin-behineko araubide juridikoa finkatzen da, eta hitzez hitz, honakoa adierazten da:

“Harik eta argitaratzen diren arte lege honen 9. artikuluan –etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa betetzeko moduei eta exijitzeko baldintzei buruzkoan– aurreikusita dauden erregelamendu-xedapenak, lege-arau hau indarrean sartzen denetik aurrera egoera hauei egin beharko zaie aurre gradualki:

a) Lege hau indarrean sartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita lehenengo urte naturalean, hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateek izango dute eskubidea, baldin eta urtean 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte eta dagokion erregistro ofizialean gutxienez lau urte badaramatzate izena emanda alokairuko etxebizitzaren eskatzaile gisa.

b) Lege hau indarrean sartu ondorengo bigarren urte naturalean, aurreko idatz-zatian aurreikusitakoek ez ezik, bi kideko bizikidetza-unitateek ere izango dute eskubidea, baldin eta urtean 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte eta dagokion erregistro ofizialean gutxienez lau urte badaramatzate izena emanda alokairuko etxebizitzaren eskatzaile gisa. 

c) Lege hau indarrean sartu eta hirugarren urte naturaletik aurrera, xedapen honetako aurreko bi idatz-zatietan aurreikusitakoek ez ezik, kide bakarreko bizikidetza-unitateek ere izango dute eskubidea, baldin eta urtean 9.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte eta dagokion erregistro ofizialean gutxienez lau urte badaramatzate izena emanda alokairuko etxebizitzaren eskatzaile gisa.”

Etxebizitzaren Prestazio Osagarriari dagokionean, etxebizitzaren prestazio osagarriaren urtarrilaren 12ko 2/2010 Dekretuan, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean argi adierazten da Etxebizitzaren Prestazio Osagarria etxebizitzako politika publikotan beste marko integral bat eduki arte aldi baterako legezko tresna gisa konfiguratu zela. Prestazio horrek egiturazko arazo bati behin-behineko erantzun partziala ematen zion, etxebizitzaren inguruko politika publikoaren esparruan, kolektibo ahulenei eta kaltetuenei etxebizitza eskuratzeko beharrari erantzungo dieten antzeko neurriak edo beste mota batekoak egiten ez ziren bitartean. Eta esparru hori, 3/2015 Legeak modu integralean eskaintzen du. Ardatz nagusia funtzio soziala duen Lege honek etxebizitzaren inguruko politikak garatzeko esparru eskaintzeaz gain, etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa gauzatzeko moduak garatzeko aukera eskaintzen du.

Egiaz Lege honetan bertan hiru urteko epean etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa nork izan dezakeen zehazteko araubide iragankor bat finkatzen da, baldin eta eskubide subjektiboaren gainean lege horren II. kapitulua garatuko duen erregelamenduzko erregulazioa egiten ez bada. Era berean, aurrekontuen legeak Etxebizitzaren Prestazio Osagarriaren eta Etxebizitza Legeak aitortutako eskubideen arteko lotura –hau ere iragankorra– finkatzen du.

Egoera iragankor honek desagertu egin behar du Eusko Jaurlaritzak araudia garatzeko duen erantzukizuna bere gain hartuta. Araudi horretan, alde batetik, etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko Eskubide Subjektiboari lotutako baldintzak eta betebeharrak eta, bestetik, prestazio ekonomikoen sistema bat modu subsidiarioan ezartzea finkatuko dira.

Urtarrilean, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Irekian Dekretu-zirriborro baten inguruan eztabaida publikoa egiteko aukera eman zuen. Gaur egun Dekretu horrek plataforma horretan egon beharko luke deliberamendu-fasean, baina ez dago. Euskal sozialisten iritziz, Dekretu horrek pertsonen eskubideen murrizketa argia erakusten du, zaurgarritasun bereziko egoerei erantzuteko etxebizitzen prestazio osagarriaren erregulazioak jasotzen zituen hainbat aurreikuspen eta salbuespen biltzen ez dituelako. 

Horregatik, aurretik azaldutakoa kontuan hartuz, Euskal Sozialisten Udal Taldeak ondorengo MOZIOA aurkezten du UDALBATZAN eztabaidatu eta onartzeko:

 

1- Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari honakoa eskatzen dio: Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen arauzko garapenak, oso-osorik, Legearen espiritura errespetatuko duela ziurta dezan, hau da, etxebizitza bat eskuratzeko behar diren baliabide ekonomikoak ez dituzten pertsonei etxebizitza duin eta egokia modu egonkorrean legez okupatzeko eskubidea bermatzea, eta bestela prestazio ekonomikoak eskaintzea.

 

2- Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio berma dezala ez 9/2105 Aurrekontuen Legea betetzeak ez Etxebizitzari buruzko 3/2015 Legean etxebizitza duin bat prestazio ekonomikoaren modalitatean eskuratzeko eskubide subjektiboari buruz aurreikusitako erregelamendu bidezko garapenek ez dutela murrizketarik ekarriko, ez betekizunetan ez zenbatekoetan, gaur arte onartuta dauden eskubideetan, eta, nolanahi ere, alde hori garatuko duen dekretuak bermatu beharko du etxebizitzako prestazio osagarriaren eta aurreikusita dagoen etxebizitzako prestazio ekonomiko berriaren elkartze eta integrazioa, eta ez bata bestearen ordezte hutsa izatea.

 

3- Udalbatza honek Gasteizko Legebiltzarrean adostutako 3/2015 Etxebizitza Legearekin bat egiten du eta lege hori Auzitegi Konstituzionalean errekurrituta izanaren aurka azaltzen da.

 

4- Bere aldetik, udal eskumenak erabiliz, Legazpiko Udalak etxebizitza eskuratzeko udal politikak bultzatzeko konpromisoa hartzen du, hala nola:

- 2016. urtean zehar, etxebizitza alokatzeko diru-laguntza programa bat onartzea, batik bat gazteei zuzendutakoa; horretarako, udal aurrekontuetan aurreikusi den 28.000 €ko partida erabiliko da.

- Merkataritza-lokaletan etxebizitza erabileraren ezarpena arautzen duen ordenantza aldatzea, eraginkorragoa izan dadin.

- Etorkizunean aukera izanez gero, tasatutako babes ofizialeko udal etxebizitzaren alde apustu egiten jarraitzea.

 

PSE-EE LEGAZPI PSE-EE