Aurten ere, joan den otsailaren 4an, Minbiziaren aurkako Munduko Eguna ospatu zen mundu osoan. Egun hori osasun-arazo larri horren gainean herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin jaio zen. Aurtengo leloa hauxe izan da: «Elkarrekin lor dezakegu. Nik ere lor dezaket».
Munduan, urtero, minbiziaren 14 milioi kasu berri diagnostikatzen dira eta 2035ean kopuru hori 30 milioira iritsi daitekeela aurreikusi da. Espainian, Onkologia Medikoaren Espainiako Elkartearen (SEOM) arabera, 2015ean 247.000 kasu berri baino zerbait gehiago eman ziren eta asko dira horretan eragina duten faktoreak: arrazoi genetikoak, bizimodua, biztanleriaren zahartzea eta, besteen artean, baita diagnostikorako sistema hobeagoak ere. 2015ean diagnostikoen % 50, sexu biak aintzat hartuta, bost minbizi motakoak izan ziren: kolon eta ondestekoa (41.441 kasu), prostatakoa (33.370), biriketakoa (28.347), bularretakoa (27.747) eta puxikakoa (21.093).
Euskadin, diagnostiko goiztiarra eta tratamendu egokia eskaintzeko aukerek gaixotasuna zenbait kasutan kronikoa bihurtu badute ere, urtero 13.500 kasu berri atzematen dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak orain dela gutxi eskaini dituen datuen arabera, 2009 eta 2013 urteen artean Euskadin 67.409 minbizi-kasu diagnostikatu ziren, 40.312 gizonetan eta 27.097 emakumetan. Datuek diotenez, minbiziak eragin handiagoa du gizonetan eta 65 urte bete ondoren gora egiten dute minbizi-kasuek bai gizonetan baita emakumetan ere.
Azkeneko heriotza-datuek adierazten dutenez, minbizia da lehen heriotza kausa Euskadin, hildako guztien % 30era iristen delarik. Gizonezkoen kasuan, portzentaje hori % 37,2ra igotzen da eta emakumetan % 24,3ra jaisten da; minbizia bigarren heriotza kausa da emakumeen artean.
2011-2015 bosturtekoari dagozkion heriotza-datuen arabera, 30.273 pertsona zendu ziren Euskadiko Autonomia Erkidegoan minbiziaren ondorioz.
Adituen arabera, informazioa eta heziketa oinarrizkoak dira minbiziari aurre egiteko eta tumore guztiak bizimodu osasungarriarekin prebenitzea ezinezkoa bada ere, horietako asko aurretiaz atzeman daitezke eta diziplina anitzeko lantaldeekin tratatu. Informazioa eta sentsibilizazioa garrantzizkoak dira baita alor honetan ere.
Horregatik, honako MOZIOA aurkezten da: