Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

BERTSIO OSOA

BERTSIO MUGIKORRA

PSE-EE LEGAZPI

PSE-EE LEGAZPI

 
 

BERRIAK

2015 AZA 18      “EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA”

AZAROAREN 25EKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Azaroak 18ean egindako Bozeramaile Batzordeak aho batez onartutako adierazpen instituzionala

Azaroaren 25a dela eta, data horixe izendatu baitu Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna”, gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai halaber sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste. Berretsi nahi dugu, era berean, arazo estruktural baten aurrean gaudela eta, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duenez, ezinbestekoa dela berdintasun-politikak baliatzea, adituek zein nazioarteko erakundeek gomendatzen duten bezalaxe.

Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen da; izan ere, oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera pertsonen askatasuna mugatzen da. Saiatu behar dugu bestelako gizartea eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten.

Gure xedea da pertsona guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte batean bizitzea, urrats bat gehiago emango duen gizartea eta, emakumeenganako indarkeriaren aurka agertzearekin batera, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde argiro azalduko den gizartea. Gure aldarrikapena da pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizartea. Errespetatzea ez da bakarrik ez erasotzea; aitzitik, berorren esanahia ere da pertsona bakoitzak, berdintasunik ezak dakarren mugarik gabe, bere bizitza-ibilbidea irudikatu ahal izateko bermea edukitzea.

Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak gure baitatik berrikusten hasi.

Gainera, sexu indarkeriaren edozein adierazpide errotik kentzeko helburua gure aktibitatearen erdigunean jarri behar dugu. Horretarako beharrezkoa da indarkeriarik gabeko gizarte bat lortzera eramango gaituzten egitasmo egonkor eta jarraiak garatu eta inplementatzea, baliabide ekonomikoez eta pertsonalez hornituak.

Indarkeria errotik kentzeko konpromisoaren baitan, sexu indarkeria prebentziotik lantzea aukeratu nahi dugu, gazteekin lan eginez.  Azken urteotan, eskualde honetan indar berezia hartu duen Beldur Barik programa indarkeria mota honi aurrea hartzeko esparru egokiena izan da. Gazteek indarkeria matxista eta sexistari aurre egiteko eta kontzientzia hartzeko prozesuak bultzatu baititu.

Zentzu honetan, erakunde publikook berdintasun politika publikoak garatu eta indartzeko beharra daukagu, Berdintasun sailetatik aitzindaritza hartuta, Hezkuntza eta Gazteria sailetan politika estrategikoen inguruan indarrak batuz gazteen artean sexu indarkeriari aurre hartzeko  Beldur Barik programaren baitan.  

Beraz, beharrezkoa da emakume gazteen ahalduntzea errazten duten politikak garatzea  indarkeria eta desberdintasun egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna sustatzeko. Mutilekin lana eta hausnarketa barne hartzen duten politikak behar dira, indarkeria matxistaren baitan     duten protagonismoa eta ardurari buruzkoak, euren zailtasunak eraso bat zer den eta zer ez den identifikatzeko, erasoaren parte aktibo gisa edo erasoaren ikusle pasibo gisa.  

Horregatik, mankomunitateak eta berau osatzen duten udalek honako konpromisoak hartzen ditugu:

  • Beldur Barik programaren edukiak garatzea, indarkeria matxistari aurrea hartzeko eta gazteak sentsibilizatzeko tresna gisa.
  • Udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzea, berdintasunaren aldekoa eta indarkeria matxistaren aurkakoa , udal eskumenen barruan. 
  • Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzeko gonbita egitea; edozein indarkeria edo diskriminazio sexista / matxistaren aurrean errefusa adieraztea barne.

Azkenik, herritar guztiak oro har eta neska eta mutil gazteak bereziki animatu nahi ditugu azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta antolatu diren ekitaldietan modu aktiboan parte hartzera. 

PSE-EE LEGAZPI PSE-EE