Urola Garaia eskualdeko alkate eta talde politikoak elkarturik, astearte goizean Arcelor Mittal lantegiaren mugagabeko ixte partzialaren berri izan ondoren, honako Adierazpen Instituzionala adostu dugu:
1. Arcelor Mittal Zumarraga lantegiko langile guztiei eta baita faktoria honi lotuta dauden enpresa auxiliar guztiei ere, une sail hauetan, gure babes osoa adierazi nahi diegu. Hori dela-eta, herritar guztiak deitzen ditugu Arcelor Mittalek Zumarragan enplegua manten dezan langileek egingo dituzten mobilizazio guztietara.
Era berean, enpresak egin duen planteamendua erretiratzeko desioa azaldu nahi dugu eta lantegiaren jarduera mantentzeko eskatu, gaur egun dituzten lan-baldintza berberetan.
2. Gure gain hartzen dugu dagokigun ardura -orain artean hartu izan dugun bezala-, eta Europako, Estatuko, Euskadiko eta Foru Erkidegoko instituzioei eskatzen diegu, elkarlanean, bakoitza bere mailan, beharrezkoak diren formulak baliatzea Zumarragako Arcelor Mittalen aktibitatea eta lanpostuak defendatzeko; eta hori horrela izan dadin, lana mantentzen lagunduko duten neurriak bultzatzeko, azken finean, ezinbestekoak Urola Garaiko eta Gipuzkoako aktibitate ekonomikoarentzat.
3. Arcelor MIttal enpresari honakoa exigitzen diogu: berari dagokion erantzukizuna hartzea eta ahal dituen ahalegin guztiak egin ditzala Zumarragako lantegiak gaur egun duen aktibitatea mantentzeko.
Zumarragan, 2016ko martxoaren 17an