Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE GIPUZKOA

PSE-EE GIPUZKOA

 
 

GIPUZKOAKO SOZIALISMOAREN HASTAPENAK

1919tik aurrera, Alderdi Sozialista Gipuzkoan barrena zabaldu zen (ordura arte presentzia urria zeukan, toki jakinetara mugatua). Lehen mundu gerrak eragindako hazkunde ekonomikoarekin batera, gizarte industrialaren ohiko arazoak azaldu ziren Gipuzkoan. Langileen inmigrazioak hamarkada horretan hartu zuen garrantzia. Gipuzkoan, ordea, ez zen polarizazio sozialik edo industria-proletarioen kontzentrazio handirik egon; eta ezta ere gatazka bortitzik piztu, Bizkaian industrializazioaren ondorioz gertatu zen bezala.

Hala ere, sozialismoa 1910 baino askoz ere lehenago azaldu zen probintzian, berezko tradizioez hornituta. 1891. urterako, Donostia eta Tolosako taldeak eratuta zeuden. Gipuzkoako sozialismoa 1897an sendotu zen behin betiko, Eibarko taldea sortu zenean. 1901ean Irun eta Soraluzeko taldeak eratu ziren; eta geroago, Pasaia, Errenteria, Beasain, Bergara eta beste herri batzuetakoak. Nolanahi ere, 1910 baino lehen, erakunde garrantzitsu bakarrak Donostiakoa eta Eibarkoa ziren, eta batez ere bigarrena. Eibarko taldeak indar eta ospe handia zeukan, Euskal Herrian ez ezik, Espainia osoan ere bai.

Sortu zen unetik, talde horrek kide-kopuru garrantzitsua izan zuen, eta trebetasun handiz gidatu zuen herriko langile-mugimendua. Taldea sortu eta lau urtetara, 1901ean, Eibarko sozialistek beren aldizkaria zeukaten dagoeneko (¡Adelante!); eta 1903an ordezkariak lortu zituzten Udalean. Hasiera-hasieratik, etengabeko harremana izan zuten Bizkaiarekin.

Bizkaiko sozialismoaren bi buruzagik eragin handia izan zuten Eibarren: José Medinabeitiak eta Tomás Meabek. Meabe ¡Adelante! aldizkariko zuzendaria zen 1905ean (Eibarren bizi izan zen urtean). Hala ere, Eibarko sozialismoak ezaugarri bereziak garatu zituen, Gipuzkoa osoko sozialismoarengan arrastoa utziko zutenak.

Hasteko, neurritasun handia erakutsi zuen bere gizarte-borroketan, Eibarko industriaren interes orokorrak defendatzearren. Izan ere, Eibarren ezaugarri industrialak kontuan hartu beharrekoak ziren. Gainera, langile-erakundeek kide-kopuru izugarriak zeuzkaten, eta armagintzak espezializazio-maila altua eskatzen zuen. Horri guztiari esker, langileek negoziatzeko ahalmen handia zeukaten, eta beraz, ez zegoen muturreko gatazketara jotzeko beharrik. Bizkaian, ordea, gauzak erabat desberdinak ziren: langileek ez zeukaten egitura sindikal indartsurik, eta ondorioz, beren negoziatzeko ahalmena oso txikia zen. Beraz, derrigorrez jo behar zuten greba orokorrera, eta ugazabekin gogor borrokatzera.

Bigarrenik, Eibarko sozialistek bestelako jarrera erakutsi zuten errepublikarrekiko harremanei zegokienez. 1910. urtera arte, zorrotz jarraitu zituzten PSOEren isolamendu-kontsignak; alabaina, Eibarko buruzagi sozialista garrantzitsuenetariko batek, Toribio Echevarríak, honela dio: "herriko errepublikarrekiko harremanak inoiz ez ziren izan tirabiratsuegiak; eta noski, errepublikarrak eta sozialistak ez ziren aritu elkarri tiroka eta makilakadaka, Bizkaian maiz gertatzen zen bezala.

Eibarko sozialismoaren idiosinkrasiaren beste ezaugarri garrantzitsu bat hauxe zen: Taldeko buruzagi zein kideek euskara etengabe erabiltzen zutela. Amuátegi, Marcelino Bascarán eta, orokorrean, buruzagi nagusi guztiak, euskaraz mintzatzen ziren beren mitin eta ekitaldi publikoetan, eta baita barne-bileretan ere. Joera hori, bestalde, Eibarko langile-mugimenduaren osaeraren isla zen.

Hain zuzen ere, lehen mundu gerra hasi aurretik, Gipuzkoan etorkin gutxi zegoen. Eibarren, adibidez, langileen % 80a bertakoak ziren, eta asko inguruko baserrietakoak. Horregatik, eta nazionalismoa 1910era arte probintzian sendotu ez zelako, Eibarko sozialistak, eta ondorioz Gipuzkoakoak, ez ziren nazionalisten kontra altxatu, PSOEk Bizkaian egin zuen bezala. Eta Toribio Echevarríak aitortzen duenez, Eibarko sozialistek ez zuten, ezta ere, Gipuzkoako errepublikarren berotasun partikularista erakutsi:

"Eibarko sozialistek gosaltzerakoan Bilboko "El Liberal" egunkaria irakurtzen genuen bitartean, errepublikarrek "La Voz de Guipúzcoa" irakurtzen zuten. Eta horrela, geuk inspirazioa Bilbotik hartzen genuen bitartean (han gizarte-borrokak oso latzak ziren), beraiek Donostiaren eragina jasotzen zuten. Donostian, errepublikanismoa oso errotuta zegoen, eta hainbat pertsona eredugarri zeuzkan: euskaldun petoak, foruzaletasunaren patriarkak eta autonomia eta federazioaren doktrinarioak.

Eibarko sozialismoan, beraz, lehenengo sozialisten berezko internazionalismoa zen nagusi, eta hala ere, bere ekintzetako askotan euskaltzaletasuna oso agerikoa zen. Eibarko sozialistek euskararen erabilera intentsiboa egin zuten (baita prentsan eta idatzizko propagandan ere); ekintza politikoa landa-ingurunean zehar zabaldu nahi izan zuten; 1906an, Udaleko ordezkari sozialistak foruak berrezartzearen alde agertu ziren; eta Toribio Echevarríak, besteak beste, gogoeta asko egin zuen euskal arazoaren inguruan.

PSOE Gipuzkoako herrietatik zehar zabaldu ahala, buruzagi oso garrantzitsuak azaldu ziren. Esate baterako, Aquilino Amuátegui Eibarren, Guillermo Torrijos Donostian, edo Enrique de Francisco Tolosan. Pertsona horiek eragin handia izango zuten euskal sozialismoan.

Aquilino Amuáteguiri, neurri handi batean, Eibarko Udalean talde errepublikar-sozialistaren bozeramaile gisa egindako lanetik zetorkion ospea. Euskara etengabe erabiltzen zuen mitin eta ekitaldi politikoetan, eta bertakoak PSOErengana erakartzeko premia azpimarratu zuen behin eta berriro. Adibidez, 1916an Sestaon egindako mitin batean, hauxe esan zuen: "sozialismoak euskaldunen zuzendaritzapean egon behar du; ez ahalmen handiagoa dutelako, baizik eta herri honen ohiturak hobeto ezagutzen dituztelako."

Amuátegui eta Guillermo Torrijosekin batera, Enrique de Francisco izan zen Gipuzkoako buruzagi sozialistarik ospetsuena eta eragin handikoena. Madrildarra zen jatorriz; PSOEren fundatzaileetako bat izan zen, eta harreman oso estua izan zuen Pablo Iglesiasekin. Espainiako hiriburutik Tolosara joan zen bizitzera, papergintza-industrian lan egitera. Prestakuntza politiko sendoa zeukan, eta denbora gutxian euskal sozialismoaren buruetako bat bihurtu zen, 1912an Tolosako papergileen greba arrakasta handiz zuzendu eta Euskal Herriko papergileen sindikatua sortu ondoren.

1915etik aurrera, Tolosako Udaleko zinegotzi izatera iritsi zen. 1931n, berriz, Gipuzkoako lehen diputatu sozialista izendatu zuten. Madrilera itzuli ondoren, Laneko idazkariorde gisa jardun zuen Largo Caballeroren agintaldian, eta haren ildoarekin egin zuen bat PSOEren erradikalizazio-etapan. Geroago, PSOEko Zuzendaritza Batzordeko kide zela, 1936ko Fronte Popularreko diputatu aukeratu zuten. Gerra zibila amaitu eta gero, hainbat urtez PSOEko buruzagia izan zen erbestean, eta alderdiko lehendakaria izatera iritsi zen.

1910ean, Gipuzkoako sozialismoak egitura sendoa eta buruzagi ospetsuak zituen, eta beraz, eginkizun garrantzitsua bete zezakeen probintziako bizitza politikoan, lanaren eta sindikatuen eremutik haratago joanez (Bizkaian bezala, mugimendua oso errotuta zegoen eremu horretan).

Konjuntzio Errepublikar-Sozialistak bultzada handia eman zion Gipuzkoako ezkerrari, baina zalantzarik gabe, ez zen Bizkaian bezain indartsua izan. Koalizioa osatu zuten lehen udal-hauteskundeetan (1909koetan), errepublikarrek eta sozialistek gehiengoa lortu zuten Donostia eta Eibarko Udaletan. Hurrengo udal-hauteskundeak ez ziren hain arrakastatsuak izan ezkerrarentzat; hamaika urte itxaron behar izan zituen (1920ko hauteskundeak arte) antzeko emaitzak lortzeko. 1920an, ezkerrak gehiengo osoa eskuratu zuen Eibarren, eta sozialistek sei zinegotzi lortu zituzten.

Hauteskunde orokorrei dagokienez, Konjuntzioak ez zuen arrakasta handirik lortu Gipuzkoan, eta beraz, eragin politiko eskasa izan zuen maila horretan. Hautagai errepublikar batek 1910eko hauteskundeetan bakarrik izan zuen Donostiako diputatu izendatua izateko aukera. Bizkaikoek bezala, Gipuzkoako sozialistek hauteskunde-aliantzei eusteko beharra defendatu zuten PSOEren biltzarretan. Adibidez, 1919ko ezohiko Biltzarrean Konjuntzioa bertan behera uztea erabaki zenean, Enrique de Franciscok gogor salatu zuen erabakia, Gipuzkoako taldeen izenean: "Nire ustez, erabaki horrekin alderdia bere lehen garaira itzuliko litzateke, hau da, arrakasta moralak soilik lortzen zitueneko garaira; eta gaur egun, arrakasta horiek barregarriak izango lirateke." Enrique de Franciscok Gipuzkoa jarri zuen adibide gisa. Bere iritziz, ezinbestekoa zen aliantzak egitea karlista eta integristen hegemoniari aurre egiteko.

Nolanahi ere, 1909an Konjuntzioak Gipuzkoan lortutako emaitza onen ondoren, eskuina gailendu egin zen hurrengo urteetan; hala ere, 1918an norgehiagoka aritu zen euskal nazionalismoarekin (Bergarako barrutian diputatu bat lortu zuen). Egoera horri 1917an sozialista eta errepublikarren artean sortutako desadostasunak gehitu behar zaizkio. Izan ere, errepublikarrek monarkiko liberalekin ituna egin beharra zegoela uste zuten. 1918tik aurrera, sozialistak bakarka aurkeztu ziren hauteskundeetara, eta emaitza oso kaskarrak lortu zituzten.

Nazionalismoarekiko borrokari dagokionez, Gipuzkoako agertoki politikoan oldarka sartu zenean, probintziako sozialistek ahalegin handiak egin behar izan zituzten proposamen originalak aurkezteko, eta oso bestelako jarrera erakutsi zuten Bizkaiko sozialistekiko. Hain zuzen ere, 1918an, Felipe Carreterok honakoa aldarrikatu zuen Bilbon: nazionalisten "Gora Euskadi" lemaren aurrean, beraiek "Viva España" oihukatu behar zutela. Aldiz, Eibarko gazte sozialistek euskaraz idatzitako orri batzuk banatu zituzten. Orriek honela zioten:

Gora Euskadi eta
gora mundu guztian
bere izardiakin
bizi dangentia

Ekimen hura zela eta, "El Obrero Vasco"k, ELAren organoak, adierazpen hau argitaratu zuen: "laster 49 sozialismo mota ezberdin izango ditugu Iberiar Penintsulan. Madrilgoak nazionalismoaren eta burgesen aurka daude, Bilbokoak, berriz, euskaldunen aurka, eta Eibarren Gora Euskadi oihukatzen dute."

Urte horren amaieran, José Medinabeitiak euskal nazioa existitzen zela esan zuen "La lucha de clases" aldizkarian, eta Nazionalitate Iberiarren Federazioa sortu behar zela aldarrikatu zuen. Bilboko Taldeko zenbait buruzagi ezagun, ordea, ideia horien aurka agertu ziren. Felipe Carreterok, adibidez, sozialismoa eta nazionalismoa bateraezinak zirela esan zuen.

Medinabeitiaren ideiak, nahiz eta gutxiengoarenak izan, ez ziren txantxetan hartzeko modukoak, eta bazituzten jarraitzaileak, behintzat Eibarren. Horren adibide nagusienetako bat Toribio Echevarría izan zen. 1918ko azaroan, "Nazioen Liga eta euskal arazoa" izeneko liburuxka argitaratu zuen. Liburuxka horretan, Echevarríak argudiatzen zuen sozialistek arazo nazionalari heldu behar ziotela. Lehen mundu gerraren ondoren, Wilson lehendakariak Nazioen Elkartea sortzeko egindako proposamena zela eta idatzi zuen testua. Denok dakigunez, Wilsonen proiektuak nazionalitateen autodeterminazio-eskubidea jasotzen zuen. Horrek itxaropen handiak piztu zituen burujabetza lortu nahi zuten herrien artean.

Toribio Echevarríaren liburuxka argitaratu zen garaian, Gorteak Kataluniaren Autonomia Estatutua eztabaidatzen ziharduten Espainian. Urte hartako abenduan bertan, Euskal Herriko hainbat Udaletan bilerak egin ziren, 1839ko urriaren 25eko Legea indargabetu zezaten eskatzeko.

Merezi du Toribio Echevarríaren liburuxkaren edukia arretaz aztertzea. Izan ere, testua arazo nazionalari konponbide bat emateko ahalegin serioa da, PSOEk gai honi dagokionez erakutsi izan duen jarreratik urruntzen dena. Arazoaren aurrean jarrera argia hartu behar delako ideian oinarritzen da konponbide hori.

Nazionalismo iberiarrei dagokienez, Echeverríak dio sozialismoak ez duela irizpide orokorrik jarraitu, mugimendu horiek ez zirelako garrantzitsuegiak bideragarri egin dituen nazioarteko gertakizuna jazo aurretik. Baina egoera orain desberdina denez, bizitzako errealitateetan diharduen alderdi batek ezin dio uko egin irizpide bat emateari, horrenbesteko garrantzia hartu duen arazo horri dagokionez.

Sozialistek gaiaren inguruan izan duten jarrerari buruzko aurrekari historikoak aipatu ondoren (besteak beste, PSOEk Kubaren independentzia babestu izana), Toribio Echevarríak honela zioen:

"Euskal Herriko foru-tradizioari dagokionez, prentsa sozialistan jasotako adierazpen ugari aipa ditzakegu. Adibidez, gure Tomás Meabe maiteak egindako kanpaina horiek, Gernikako Arbola gure ereserkitzat har genezan; edo gure langileek udalbatzetan egindako adierazpenak, gure erakunde zaharren izaera demokratiko, liberal eta autonomikoaren aldekoak guztiak."

Baina Echeverríak eransten du haratago joan beharra dagoela; eta, Klase arteko Borrokak erakutsitako jarreratik urrunduz, ez du zalantzarik egiten honakoa esaterakoan: "Euskal Herriaren nortasuna bereizgarri sakon eta ukaezin batzuetan dago oinarrituta, alegia, bere hizkuntzan, bere jatorrian, bere foru-tradizioan eta bere ohituretan." Foru-tradizioari dagokionez, Toribio Echevarríak hauxe dio:

Foruak berrezartzeak ez du derrigorrez legeria zaharra indarrean jartzea esan nahi; Foruak indargabetu arte, herri honek zeuzkan ahalmen legegile, exekutibo, judizial eta administratiboak berriro itzultzea esan nahi du. Hau da, herri honi erabateko subiranotasun politikoa ematea.

Toribio Echevarríak, beraz, euskal herriaren subiranotasun-eskubidea aitortzen du. Eta ez hori bakarrik: euskal nazioak Penintsulako beste herriekin zein motatako harremanak izan beharko lituzkeen zehazten du. Euskal sozialismoaren unibertsalismo eta kosmopolitismoarekin bat etorriz, independentziaren aukera baztertu egiten du. Izan ere, bere ustez, independentzia "munduaren martxaren noranzkoaren kontrakoa" da, eta urteak igaro ahala euskal herriaren eta Espainiaren artean sortu diren lotura historikoekin bateraezina. Lotura horiek, José Madinabeitiaren arabera, elkarrekin bizitzen emandako mendeak izango lirateke; erlijio katolikoak, kulturak, hizkuntzak eta harreman ekonomikoek sortutako ondare espirituala.

Independentziaren ordez, Toribio Echevarríak Penintsulako beste herriekin konfederazio bat eratzea proposatzen zuen (Portugal barne hartuz). Nazionalitate Iberiarren Konfederazioa, hain zuzen ere. Eta amaitzeko, honela zioen:

Aukera sortzen bada, eta sortuko dela espero dut, euskal arazoa autonomia zabalaren bidez eta Estatuaren bidez konpontzearen alde azaldu behar dugu [...]. Krisi honetan euskal arazoa eta Errepublikarena Federazio Iberiarraren bidez konpontzea lortuko bagenu, lurreko sastrakak behin kenduta, klase arteko borrokaren erdi-erdian aurkituko ginateke -langileen eta gizarte-ondarearen jabeen arteko borrokan-. Justizia sozialaren aldeko gudu handiak, hain zuzen ere, eremu horretan egin behar dira.

Aztertu dugun aldian zehar, probintziako osaera politikoa ez zen apenas aldatu: karlistak eta integristak gailendu ziren, eta alderdi monarkikoen indarra Bizkaian baino txikiagoa izan zen. Nazionalistek ez zuten pisu nabarmenik eduki. Gipuzkoan II. Errepublikara arte itxaron behar izan zen, aurreko urteetan Bizkaian gertatu bezala, hiru bloke politiko nagusiak eratu zitezen: eskuin ez nazionalista, euskal nazionalismoa eta ezker sozialista eta errepublikarra.

Araban eta Nafarroan, sozialismoaren ezarpena askoz zailagoa eta gorabeheratsuagoa izan zen. Espainiako lurralde guztietatik, PSOEk bi probintzia horietan izan zuen eraginik txikiena. Izan ere, Arabak eta Nafarroak izaera kontserbadorea zeukaten; industrializazioa berandu etorri zen eta ez zuen apenas ondoriorik izan, eta gainera, ez zegoen langile-tradizio garrantzitsurik.

1899an, Gasteizko La Lucha de Clases egunkariko korrespontsalak hauxe zioen: "a zer nolako lana egiten duten hiri honetan karlismoak eta klerikalismoak (sustrai oso sakonak dituzte), talde sozialistak desegiteko eta sineskideoi gure egonaldia zapuzteko." Eta Iruñako korrespontsala, 1901ean, kexu zen Nafarroako hiriburua oso zaila omen zelako. Adibide gisa, Udaletxeko 25 zinegotzietatik 22 karlistak eta integristak zirela aipatzen zuen. Ez da harritzekoa, beraz, 1915ean Gasteizek, Arabako talde sozialista bakarrak, 30 kide soilik edukitzea, eta Iruñeak, Nafarroako talde sozialista bakarrak, 12 edukitzea.

Erregimen errepublikarra iritsi zenean, egoera aldatu egin zen bi probintzietan. Ordutik aurrera, sozialismoa izugarri zabaldu zen, batez ere Nafarroan.


EGIGUREN, Jesús: EL SOCIALISMO Y LA IZQUIERDA VASCA 1886-1994 Pablo Iglesias Arg. Madril, 1994. 27-34. orr.

PSE-EE GIPUZKOA PSE-EE